Aurtengo udaberrian, Sant Jordi egunez urteetan Bartzelonan bizi izandako lagunek liburu bat oparitu zidaten. Eskuartean jasotakoa asko gustatu zitzaidan, haiek bai jakin zein oparitu!
Horrelaxe iritsi zen nire eskuetara AUSARTU ZAITEZ! liburua, ( Juanjo Lertxundi). Usurbildarraren liburuari buruz zerbait entzuna nuen –prentsan irakurrita- euskaraz argitaratutako lehen autolaguntza liburua baita. Irakurri ondoren, idazlea zoriondu nahi dut. Euskara ulerkor, dotore eta jasoan inplikazio handiz idatzitako gidaliburu polita da.
Liburuaren izenburuan jarri nahi dut arreta, ordea. Ausartzera gonbidatzen gaitu eta bera ere ausartu dela esan dezaket. Ausardia ezinbestekotzat jotzen dut : gauzak aldatzeko, ezagutzeko, eraldatzeko, mugitzeko, ikasteko, sentitzeko … azken finean, guk geuk nahi dugun eran bizi ahal izateko!
Sarritan, udan izandako oporraldian eduki ditugun burutazio eta sentipenei tartea emateko garai egokia izaten da irailarekin batera datorkigun kurtso hasera. Horrela, proposamen berri horiei eutsi eta ausardiaz ekiteko sasoi ederra da udazkena.
Beraz, oraingoan, gonbidapenarekin bat eginez ausartu gaitezen, eta desio edo nahi dugun horretarantz egin dezagun bidea. Hain barneratuak ditugun zenbait aitzakia eta pentsamendu alboratu behar baditugu ere,ausartzea merezi du, benetan.
Oihana Salazar
Psikoterapeuta
oihanasb@gmail.com